Esplotazioaren B aldea
09/01/2018 en Miradas invitadas
Xabier Landabidea Urresti (@txerren). Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Administrazio eta Politika Zientzietan lizentziatua, Aisia eta Giza Potentzialean doktorea eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko ikertzailea da. Komunikazioaren teknologiaren eta komunikazioaren gizarte praktiken esparruan gertatzen ari diren aldaketak aztertzen dihardu Euskal Herrian eta nazioartean euskararekin eta hizkuntza gutxituekin harremanean.
Egia esan behar dizuet: zalantza handiak ditut hau idazten ari naizelarik. Ez dakit gaiari buruz esateko zerbait dudan, eta izatekotan ere ezer esan beharko ote nukeen hemen eta orain. Gainera gero eta sarriago pentsatzen dut isildu eta entzuteko garaia bizi dugula; gehiegi idazten ari garela irakurtzen dugunerako, gehiegi hitzegiten dugula entzutera ausartzen garenerako, eta abar. Zer esanik ez gizonezkook feminismoaz iritzia emateari buruz ari bagara.
Zalantzak hor jarraitzen du, baina gonbidatu egin nautenez (mila esker, Lorena) ausartu egingo naiz ditudan zalantza intimo batzuk ordenatu eta zuekin konpartitzera, gizarte patriarkal honen gizonezkoon bizipenak kapital feministaren parte direnaren hipotesia eta horrek sortzen dizkidan ezbai batzuk mahai gainera ekartzeko.
Pernandoren egia batekin hasi nahi nuke: arras esperientzia diferentea da goikoena eta behekoena, dominatzailearena eta dominatuarena, esplotatuarena eta esplotatzailearena, baina biek dute esplotazioaren esperientzia.
Gizarte honek emakumeak mila eratara esplotatzen ditu. Har dezagun lan mundua, adibidez: gutxiago kobratzen dute lan bera egiteagatik, lan asko inolako diru-saririk gabe egitera behartzen ditu, goi mailako erabaki esparruetatik kanpo kokatzen ditu… Baina, nire ustez garrantzitsuena ez da zenbat esplotazio ezberdin eragiten duen, baizik eta gizarte patriarkalak guzti hau naturala dela esaten digula. Despolitizatu, desproblematizatu egiten du, esan behar ez den “gauzak horrela dira” ilun, oker, bihurri baina boteretsu horrekin.
Nik horrela irudikatzen dut patriarkatua: “gauzak horrela dira” errepikatzen duen mantra oro-ahaltsu bat, forma ezberdinak hartu ditzakeena, moldatzen dakiena, ikasten duena, beti ere “gauzak horrela dira” hori ezartzeko. Ordena biolento, hiltzaile, zapaltzaile baina ikusezin horrek amorratzen nau gehien. Gela erdian dugun elefanteak.
Gizonezkoon patriarkatuaren esperientzia feminismoen kapital politikoaren parte dela proposatzen dut ez emakumeon ikuspegia ordezkatzeko ahaleginik legitimatzeko, baizik eta gela erdian dugun elefantea ikusgarriago, bisibleago egin dezakeela uste dudalako. Gizonezkoon genero bereizkeriaren eguneroko esperientziak uste baino gehiago dira eta emakumeen esperientziaren B alde bat eskaini dezakete, gizarte ordenaren irakurketa osagarriak, patriarkatuaren helduleku gehiago eskainiz. Agian.
Esplotazio sistema honek, gizarte patriarkal honek gizonok emakumeen gainetik jartzen gaitu, eta pribilegio konkretuak eskaintzen dizkigu, baina horrek ez du esan nahi sistema horrek on egiten digunik. Mesede bai, baina onik ez. Alderantziz, estrukturalki bortxatzen, hiltzen eta lansaririk gabeko zaintza lanetara nahitaez kondenatzen ez gaituen arren, nire iritziz patriarkatuak mutilok ere mutilatzen gaitu binarismo sexual batean oinarritutako genero rolen banaketa bidegabe horrekin.
Nire genitalen konfigurazioan oinarrituta gizarte honek erakutsi dit, adibidez, harreman sexual asko izatea (eta lagunei kontatzea) ona dela, azkenetarikoa izango naizela bai amomari ipurdia garbitzen zein familiara jaio berria eskuetan hartzen, ezin dudala lasai negarrik egin (ezta, 36 urtetara iritsita, bakarrik egonda ere), ospea intimitatea baino inportanteagoa dela, edo nor-ago naizela bizitza publikoan bizitza pribatuan baino. Zenbat eta zenbat gauza, naturaltzat eman ditugunak, natural egin ditugunak, “gauzak horrela dira” amaigabe eta zentzugabe horretan.
Uste dut -uste dudalako susmoa dut- zuriak, gazteak, lanpostudunak eta heterosexualak izan arren, orduan ere, patriarkatua gure haragian sentitzen dugula gizonok, ahazten, pasatzen uzten ikasi dugun arren. Pribilegiodunak izanda ere sentitzen ditugula ordena patriarkalaren haginak gure okelan. Edo ez ditugula sentitzen, naturaltzat dauzkagulako. hor izan ditugulako hasieratik… gabezia horiek gure abiapuntuak bailiran hartzen ditugulako. Naturalki.
Eta noski, horrek ez du esan nahi emakumeak esplotatzeari uzten diogunik. Bizardun batek aspaldi utzi zuen idatzita langilerik zapalduenak ere emaztea zapal dezakeela. Esplotatzaileak gara. Zuek esplotatzen jarraitzen dugu, jarraituko dugu egunero eta orduro. Baina aldi berean esplotazio sistema horren biktima ere bagara, borrero izateak horixe bihurtzen baikaitu: borrero.
Finean esan nahi dudana zera da: gizartearen, ezagutzaren, boterearen konpartimentalizazio genitalak denok zauritzen gaituela. Gu ere zapaltzen gaitu bereizkeria sexualak. Zuek zapaltzen zaituztegunero (hau da, uneoro) zapaltzen gaitu. Eta zapalketa bikoitz (eragindako eta jasandako) horren mina ez dugu adierazten ikasi, prezisoki sistema honek perpetuatzen duen “gauzak horrela dira” horren katekesian heziak izan garelako, ordena sinboliko horretan hartu dugulako gizon forma.
Aurrekoan ere lankideekin bazkalordu batean komentatzen genuen zein garrantzitsua den gizonok gure genero pribilegioak identifikatu eta haiei uko egitea, adibidez gure ibilbide profesionalean: gure bizitza publikoan beti baietz esan beharrean noiz behinka “eskerrik asko, baina ez” esateko, uko egiteko, beste norbaiti lekua uzteko. Geroz eta argiago dugula uste dut bizitza publiko eta profesionaleko espazioetan gizonezkooi pausuak atzera eta alboetara egitea tokatzen zaigula une honetan, baina genero bereizkeriak sortutako beste asimetria etxekoago, pribatuago, intimoagoetan egin beharrekoez zalantza gehiago ditut.
Urrun gaude, noski, gizonezkoon pribilegioei uko egin eta atzera eta albora pausu bat emateko perspektiba hori gure gizartean unibertsala izatetik (eta hortik aurretik aipatutako zalantzak: heldu al da hitz egiteko unea ala isiltzea hobe litzateke?), baina are urrunago gaude oraindik gizartearen ordena sexista honek eragiten dituen beste asimetria kezkagarri eta kaltegarri batzuk zalantzan jartzetik.
Batzuek pausu bat aurrera eman dezaten beste batzuek pausu bat atzera eman behar al dute hemen ere bai? Eskema berak balio al digu? “Kaleko” espazioak sariak ote dira eta “etxeko” espazioak zigor? Jendarteko lanak ez al dira zaintza lanak, eta zaintza lanak jendarte lanak? Genero rolen birbanaketa hutsean dago klabea ala birkontzeptualizazio integral eta ausartagoak behar ditugu lana/aisia, zaintza/boterea ardatzetan?
Zalantza handiak ditut, eta horiek lerro hauetara ekartzen saiatu naiz, zinez eskertuko nukeelako zuen iritzia.
Si estirem tots, ella caurà
i molt de temps no pot durar
Latest posts by Doce Miradas (see all)
- Pause - 29/09/2020
- El diseño de servicios como nuevo enfoque para atender una pandemia invisible: el maltrato psicológico - 15/09/2020
- Distinción de género - 14/07/2020
[…] Landabidea Urrestik, Doce Miradas agerkari […]